GURE HISTORIA

Hori bai gaztetxea, Larrabetzu

 

Larrabetzuko gazteontzat historia, frankismo garaian hasten da Hori Baien sorrerarekin. 1963.urtean gazteentzako dagoen eskaintza murritza eta mugatua da oso. Eskaintza hori aberasteko asmotan, gazteek bi aukera dituzte aurrez aurre: eliza magalean elkartea sortzea, edo OFJ (Organización Frente de Juventudes) garaiko gobernu egituran erroldatzea. Horren aurrean, Bilboko apezpikutzara joko dute larrabetzuarrek egoeraren berri bere osotasunean ezagutzeko. Larrabetzuko herrian, Zipriano abadeak hartzen du enkargua eta gazteen kezkak aintzat harturik, oniritzia eman eta Fidel abadea itxarotea gomendatuko die gazteei, erabakirik hartu orduko. Fidelekin batzarra burutu eta eliza ondoko egoitza gazteen esku uztea erabakiko da, elizaren kontrola neurri batean bermatuz. Lokala eskuratuta, estatutuak idatzi eta legalki 1965ean Hori Bai elkartea sortuko da.

Garai hartako egoera zein den ezagututa, Hori Baiko lokala hainbat jardueraren bultzatzaile bihurtuko da, guztiei sarbide eginez; futbola, alfabetatze ikastaroak, mendi martxak, zine emanaldiak, kanpamentuak eta herriari bizitasuna emango dion kartoizko banda bat, besteak beste. Ekintza guztien artean badira azpimarratzekoak direnak: alde batetik, ikastolen mugimenduari buruzko erakusketa; eta bestetik, diktadurapeko sistema politikoaren aldaketa atarian antolatutako talde politikoen aurkezpena.

Ikastolen aldeko mugimenduaren erakusketak asmo zehatz bat hartzen du bere gain: aldarrikapena. Hiru egunean zehar, ikastolen inguruan hausnartu, material didaktikoa erakutsi eta eztabaida izango dira, besteak beste, garatuko diren ekintza nagusiak. Bizkaiko ikastola guztien ordezkariez gain, Agustin Ibarrola, Juan Mari Torrealdai, Jose Ramon Etxebarrieta, Oskorri eta Gabriel Aresti bilduko dira Hori Baiko lokalean.

Diktadurapeko sistema politikoaren aldaketarako talde politikoen aurkezpenak, gonbite esanguratsuak burutuko ditu bere prozesu osoan. Herriko izaera politikoen ordezkari nagusiak batzartuko dira Hori Baiko lau pareten artean; Iñaki Aldekoa (ESB), Juan Jose Pujana (EAJ) eta Santi Brouard (KAS) besteak beste.

80ko hamarkada izango da gero Hori Baiko gazteen amets, gogo bizi eta ideiak garatuko diren momentu berezia. 1981-2982 urte bitartean, eliza ondoko lokalean narriadura arrastoak nagusituz joango dira eta garaiko zuzendaritza batzordeak ez-ohiko bilera batera deituko ditu Hori Baiko kideak, egoitzaren egoeraz eztabaidatzeko eta zorroztasunez erabaki bateratu bati heltzeko. Lokalaren jarraikortasuna zalantza dago jadanik. Gazteek eutsi egin nahi diote ordura arte bere lana eta indarra babestu duen elkarteari, beren bilgune nagusia denari, eta elizaren aldeko partaideek, aldiz, horren aurka altxatuko dira. Azkenik, elizaren borondatea gailenduko da; Hori Baiko lokala ixteko agindua emango dute. Hurrengo bost urteetan zehar, lokalik gabe, gazteek beren ideiak aurrera eramateko udaleko gela bat hartuko dute.

Hala ere, hau ez da luzaroan mantendu daitekeen egoera bat. Gazteek lokala behar dute eta hori baiko lokala berreskuratzeko ahaleginetan ardurak banatu, konponketa eta garbiketa lanak prestatu, eta 1986ko abenduaren 24an lokala berriz herriari zabaltzea lortzen dute. Momentu garrantzitsua da gazteentzat, inoiz baino gehiago, Hori Baiko lokalaren aldeko apustuak bere egiten ditu musika, hitza eta aldarrikapenaren gogoa. Horren harian, Inazio Deunaren eguna hartzen da hizpide eta erreferentzi nagusitzat gazteen eguna ospatzeko. 1984ko uztailean Hori Bai elkartearen 20.urteurrena eta lehen Gazte Eguna ospatuko dira.

Aldaketa ugari sortuko dira momentu honetatik aurrera. Hasierako Hori Bai elkartea izatetik Hori Bai gaztetxea izatera pasatuko da. Gaztetxearen izaera bere gain hartzeak badu arrisku nabarmena 1985-1986 urte bitartean. Udalaren aginduz, gazte asko Euskal Herri mailan beren lokaletatik kanporatuak izango dira, ez da gazteen mugimendurako eta elkarkidetzarako aukera onartzen; are gutxiago, beraien ideia eta ametsei leku egiterik. Ondorioz, elkartasunaren ikuspegitik Euskal Herriko Gaztetxeen Koordinakundea sortuko da egoerari indarren aurre egiteko.

Ondoren, beste aldaketa garrantzitsu bat musikaren ildotik sortuko da. Gariako rockak, musika jaialdi guztien indarra eta ospea bateratuko ditu ospe handiko kontzertuak antolatuz. Hori Bai musikaren bilgune ezinbestekoa bihurtuko da Euskal Herri mailan. Udalak ere, aldaketa eta indarberritze hauek gogoko ez, eta debekua plazaratuko du. Alkatea eta zinegotzi batzuk barne direla, Udalak batzar nagusi batera deitzen du herria Hori Baiek bultzaturiko ekintzen aurrean. Batzar honetatik, baldintza gogorrak inposatzeko deia egingo diete gazteei: gaztetxean musika kontzertuak egitea debekatu eta, horren ordez, herriko plazan urtean zehar bi edo hiru kontzertu egiteko baimena luzatu dute. Baldintza hauek onartezinak zirenez, Udala eta Hori Bai gaztetxearen arteko liskarrak 1992rarte mantenduko dira bero-bero. Ordutik aurrera, autogestioaren bidetik (herriko erakundeak ez du diru-laguntza publikorik bideratzen), ekintza kudeaketa eta antolamenduari eusten diete.

Azkenik, bada aldaketa sakon bat Hori Baiko historian zehar, justu-justu, 90ko hamarkadan ematen dena. Gazte Egunaren prestakuntzak urrats handia ematen du maila guztietan; programa aberatsa da, eskaintzak ere onak, eta ahalegin ekonomikoa inoiz baino handiagoa. Larrabetzuko gaztetxea KGB taldeko (Bizkaiko Gaztetxeen Koordinakundea) partaide bilakatuko da, eta 1993an gaztetxeen eguna ospatzeko ideia martxan jartzen da. Jendetza izugarria inguratuko da Hori Bai gaztetxera, musikak indar bizia du, eta hainbat izango dira oroimenerako gordeko diren kontzertu ahaztezinak: Negu Gorriak, Su Ta Gar, Zarama… Hori Bai bizi-bizi ageri da urte hauetan zehar, ezaguna da gaztetxearen jarduna Euskal Herrian.

1999an Larrabetzuko elizan konponketa lanekin hasiko dira, eta bertako hondakin guztian Hori Baiko teilatu gainera botako dituzte. Orduan itokinak sortuko dira kalte handiak eraginez, bai teilatuan baina baita estruktura osoan ere. Euria denean, ur putzu eta ezetasunak nagusituko dira gaztetxeko hainbat ekintza egitea oztopatuz, baina hala ere, ez da jardunarekin etsiko.

2004ko martxoaren 26an, Hori Baiko atean gaztelaniaz idatzitako udalaren abisua dator itsatsita. Bertan, hamar eguneko epean gutxieneko obra batzuk egin ezean gaztetxea itxiko dutela adierazten dute. Aipaturiko epea amaitu aurretik gaztetxea hesiz inguratuta aurkituko da, inongo idazki eta izenpenik gabe. Horren aurrean, asanbladak lokala konpontzea erabakitzen du bere aldetik, udalaren eskuartzeari inongo aukerarik ez emateko. Lehenik, teilatuarekin hasten da. Obrak hasi eta prozesu luze honetan zehar udalak bidalitako ertzainak agertzen dira betan dauden gazteak identifikatzeko. Argi dago, udalak bere baldintzak inposatzen jarraitu nahi duela, batez ere Hori Bai gaztetxearekin akabatzeko.

Hori Baiek teilatu berria du dagoeneko, eta ondoren, barne estrukturak hartzen du lehentasuna. Lan honi ekiteko, uztailaren 7, 8 eta 9an “auzolana” antolatuko da Bizkaiko beste gaztetxe eta gazte asanbladen laguntzaz, konponketa lanak burutzeko.

2004ko irailaren 3an , gaztetxeko kide batek gizon bat lokaleko leihotik sartzen ikusten du, beste emakume batek kanpoan itxaroten diolarik. Euren hitzetan Usabiaga eraiste enpresarentzat lan egiten dute eta gotzainaren mandatua izan da enpresa honek Hori Bai bota eta horren gainean proiektu batetarako aurrekontua egitea. Horren aurrean, gaztetxeko partaideak Anjel Mari Unzueta gotzainarekin bilduko dira eta Hori Bai botatzearen aldeko ideia mantentzen duela jakinaraziko die, izan ere, bere iritziz, lokala oso egoera txarrean dago eta gainera eurena denez eskubide osoa dute botatzeko. Udaletxean batzarra egitea izango da hurrengo pausua. Bertan, alkateak adierazten duenez, irailaren 3an, gobernu batzordeak gotzainak lokala botatzeko eskabideari baietza eman dio jadanik, beraz, bere eginbeharra legea jarraitzea denez, ez du aparteko ahaleginik egingo Hori Bairen alde. Gaztetxeko kideek oso argi ikusten dute egoera larria dela benetan, izan ere, edozein momentutan lokala botatzen hasi daitezke, inongo arrazoi zen defentsari erreparatu barik. Desalojoaren mehatxua oso gertu eta presente dago Ondorioz 24 orduko txandak burutzen hasiko dira. Egun guzti hauetan zehar, mobilizazio lan izugarria egiten ari da gaztetxearen defentsan, eta Anjel Mari Unzueta gotzaina eta Tomas Ordeñana alkatearen hitzen eta mehatxuen kontra. Irailaren 11n izango da manifestazio erraldoia Hori Bairen alde, bertan herri partaidetza eta kanpo laguntza nabarmenak dira.

Harrezkero, gaztetxea botatzeko ahaleginak baztertu dituztela dio gotzainak, Hori Bairekin amaitzeko ideia bertan behera geratu dela ziurtatuz. Gainera, kontratua luzatuko du honen gaineko baldintzak zeintzuk diren zehaztuz. Oraindik, ez da lokalera inongo kontraturik heldu, horren esperoan dago gaztetxea. Beraz, lokala botatzeko saiakera berriro egiteko ardura mantentzen da. Alkatea eta gotzainaren aldetik, Hori Bairen aurka bideratutako trikimailuak ezagunak dira soberan gaztetxearen historian zehar, beraz, euren hitza fidagarria ez dela erakutsi dutenez gero, zergatik fidatu behar dute gazteek alkate eta gotzainaren azken hitzez orain?

Hori Baiek 47 urte beteko ditu aurten. Historiak ematen dizkigu arrazoiez orniturik, betiko konpromezu berdinarekin jarraitzeko asmoa dugu orain, bizi-bizi, indar betez, gogoz, oztopo guztien gainetik!!!